Mazokaren VII. edizioak markak hautsi ditu Gasteizen abenduaren 16tik 18ra egingo den Marrazketa eta Ilustrazio Azokan parte hartzeko interesa duten ikasleen eta balio berrien eskaerekin
IDarte – Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasle Maider Leturiagak irabazi du Bekikasle Mazoka-Laboral Kutxa BEKA txikia; harekin batera ikasleek aurkeztutako beste 6 proposamen daude, eta baita ibilbide egonkortua eta Mazokarako proiektu berriak dituzten Bekaren aurreko edizioetako hiru irabazle ere, zeinak profesional gisa itzultzen baitira.
Ilustrazioaren sektorean oihartzuna duten eta sarituak izan diren hainbat izenek parte hartuko dute 2022ko Mazokan, horien artean ditugu Mar Ferrero (Madril), Celsius Pictor (Ourense), Bea Enríquez (Madril), Xabier Casals (Andorra), Ana Müshell (Jerez de La Frontera), Mario Jodra (Zamora), Nuria Hernández (Bilbo), Jenni Kärnä (Finlandia) eta Miren Asiain Lora (Iruñea).
Mazokalarientzako 40 postuetako bat lortzeko 10 eguneko deialdi espres baten ondoren, baliozko 200 eskaera baino gehiago jaso dira, Mazokak agerian utzi du, beraz, sektorean duen lekua eta aitortza, autonomia-erkidego, estatu zein Europa mailan.
Urriaren 18an amaitu zen Gasteizko Marrazketa eta Ilustrazio Azokaren aurtengo edizioan parte hartzeko deialdia. Epaimahaiaren erabakiaren ondoren, gaur, urriaren 28an ostiralean, eman dira jakitera “Mazokalari” maila izatearen saria jaso duten 40 pertsonen izenak. Horien artean daude ikasleen Bekaren irabazlea eta marrazkien eta ilustrazioen merkatuan parte hartuko duten 10 erreserbak, non estilo, teknika eta aplikazioen aniztasunari zein parte-hartzaile berriei lehentasuna eman zaien.
www.mazoka.org
Jasotako eskaera gehienak, % 72,76, emakumeek eginikoak izan dira eta ehuneko hori islatu egin da mazokalarien hautaketan ere: % 80 emakumeak dira eta % 20 gizonak. Mazokalarien % 37,55 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, horien % 15 Gasteizkoak dira eta hautatutako ikasleen ehunekoa ere bera da, % 15, alegia.
VIII. EDIZIOAN MAZOKALARI GISA PARTE HARTUKO DUTEN IKASLEAK
Mazokaren formulak profesional ezagunak eta sortzen ari diren balioak espazio berean kokatzen ditu, elkarrekin bizitzen jarriz eta haien trebetasunak batuz, eta eredu horrek duen arrakasta handia erakutsi du, beka zein mazokalari postua lortzeko eskaera egin duten ikasleen gorakadak erakutsi duenez.
Aurtengo edizioan, eskaera guztien % 23 Ilustrazioko eta Diseinuko Goi Mailako Zikloak dituzten Eskoletatik datoz, hala nola, Valentzia, Almeria eta Murtziako AGDEetatik, Madrilgo CEItik, Gasteizko IDartetik, eta baita unibertsitateetatik ere, Nafarroako Unibertsitate Publikotik, Granadakotik, Carlos III.a Unibertsitatetik, Madrilgo Complutense Unibertsitatetik edo UPV/EHUtik, esate baterako.
Aipamen berezia egin nahi diegu ikasle gazteagoak trebatzen dituzten ikastetxeetatik jasotako eskaerei, hala nola Mendizabalako Lanbide Heziketako Zentrotik edo Gasteizko Federico Baraibar Bigarren Hezkuntzako Institututik datozenei, lehen aldiz hautagaitza aurkeztera animatu diren ikasleak izan baititugu. Azken institutu horretan ikasten du Unai Do Nacimento 17 urteko gazteak batxilergo artistikoko 2. maila, eta jasotako eskaera guztien arteko 15 ikasle finalisten artean geratu da.
Horien guztien artean, Maider Leturiaga Gasteizko IDarte Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasleak irabazi du V. Bekikasle Mazoka-Laboral Kutxa/BEKA eta, berearekin batera, potentzial eta kalitate grafiko handiko beste 6 ikasleren proposamenak aurkeztuko dira aurtengo azokan, azken horiek ere eskubide osoko mazokalari gisa jardungo dutela.
Irabazleak bere identitate uniformeagatik, ukitu oso pertsonalagatik eta umore estilizatuagatik erakarri du epaimahaia. Asiako eragina duten haren marrazkiek Cartoon estiloko ilustrazioa gogorarazten dute, oso lerro garbietatik abiatzen dira eta trebetasun handia agertzen dute koloreztatze digitalean, duotonoaren erabileran eta risografia teknikan. Jasotako laguntzari esker, ez du izen-emate gasturik ordainduko eta ekoizpenerako eta ordainsarietarako Laboral Kutxak emandako 500 €-ko ekarpen ekonomikoa jasoko ditu.
OSPE HANDIKO 40 MAZOKALARI ETA PROPOSAMEN ILUSTRATU BERRITZAILEAK
Jaialdi grafiko hau, aurten ere, marrazkiaren, ilustrazioaren eta arte plastikoen balio berriak ezagutzeko tresna bat izango da, eta baita herritarrengana ilustrazio eta arte aplikatuen estilo ezberdinak eta askotarikoak hurbiltzekoa ere.
Abenduaren 16tik 17ra bitarteko asteburuan, Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegiko ganga-formako aretoa mota guztietako teknika, euskarri eta neurrietako jatorrizko obrak erakusteko postuz beteko da: zeramikak, eskuz margotutako zapatilak, partxe edo jertse ilustratuak; bitxitegiak, baxerak, alfonbrak, beldurra kentzeko lanparak, posterrak eta pegatinak; Glicé eta Xuan papereko erreprodukzioak, serigrafia, risografia, sakongrabatuak eta litografia; artista-liburuak, pop up liburuak, haurrentzako liburuak, historiakoak, komikiak edo fanzineak; infografia zientifikoak, zurean, erloju-pieza zaharretan zein askotariko tresnetan eginiko ilustrazioa; mapak, katiluak, azulejuak, dioramak eta pokerrerako karta-sortak; whashitapeak eta giltzatakoak; kuxinak, mukizapiak, amantalak, diru-zorroak eta neska soinekoak; gozoki mexikar ilustratuak, hiri-harriak, matrioskak, urtaro-egutegiak eta papergintzako era guztietako objektuak, hala nola agendak, koadernoak, postalak, etab. Guzti-guztia edizio mugatuetan eta haien egileen eskutik.
Aurtengo 40 Mazokalarien artean ospe handiko izenak aurkituko ditugu, prestigio handikoak, hala nola Miren Asiain Lora (2020ko Euskadi Ilustrazio Saria), zeinak poesia grafikoa diren pintura-tekniken bidez atmosfera eta mundu harrigarriak sortzen baititu, erabateko poesia grafikoak direnak; Bea Enríquez (2020ko Anaya saria eta 2018ko Fnac Novela Gráfica saria), zeinak euskarri birziklatuak eta naturako elementu desberdinak erabiliz ilustrazio-proposamen ausartak egiten baititu; eta Celso Martínez, Celsius Pictor ezizenez ezaguna (besteak beste, Forbes, Jotdown edo Altair aldizkarietarako azalen eta prentsa-artikuluen ilustratzailea), zeinak grabatuen eta XIX. mendea baino lehenagoko era guztietako irudien collagea lantzen baititu.
Aipamen berezia merezi dute aurreko urteetan beka jaso zuten hiru ikasle mazokalarik ere: Mariñe Jauregui (2019), Paula Huarte (2020), Carmen B. Mikelarena (2021). Hirurek adierazi digutenez, Bekikasle gisa hautatuak izatea eta Mazoka esperientzia bizitzea “energia txute eta bultzada oso handia izan zen nigan eta nire lanean sinesteko eta sortzen jarraitzeko”.
Artista horien proposamen berriak, askoz helduagoak, profesionalagoak eta osotuagoak dira eta hainbat sari eta aitortza jaso dituzte Mazokan haien aurkikuntza egin ondorengo urteetan. Bere garaian erakutsi zuten talentuak eta ordutik hona egindako aurrerapena dela eta, merezimendu osoa dute zortzigarren edizio honetan profesional gisa beren lekua izateko.
HASI DA ABENDUAREN 16RA ARTEKO ATZERAKO KONTAKETA
Azaroan zehar, sare sozialetan erakutsiko dira mazokalarien proposamenak eta, hilaren amaieran, VIII. edizioko kartela zein 2022ko abenduaren 16tik 18ra bitartean merkatuaren ospakizunean izango dugun jarduera paraleloen programa osoa iragarriko dira, jaialdiaren babesle nagusia den Gasteizko Udalaren laguntzaz. Azokan bertan, jada klasiko bihurtu diren zuzeneko sormen jarduera eta txikientzako eta ez hain txikientzako ilustratoi eta dibutekaz gain, edizio honetako kartelarekin eta ilustratzaile protagonistarekin batera jakinaraziko den gai baten inguruko emanaldiak, erakusketak eta tailerrak ere egongo dira.