M-A-Z-O-K-A 2024
Abenduaren 20, 21 eta 22an egingo da, Gasteizen, obretan eta autore grafikoetan espezializatutako Azoketan erreferentzia bat den Mazokaren IX. edizioa
Mazokalari izateko eta ikasleentzako beka eskuratzeko deialdia irailaren 2tik irailaren 30era egongo da zabalik.
Pozarren eta ilusio handiz iragarri nahi dugu 2024an berriro gozatu ahal izango dugula MAZOKA Gasteizko Marrazki eta Ilustrazio Azokaz. Iazko etenaldiaren ondoren, Ilustrazioaren AZOKAren IX. edizioa izango dugu abenduaren 20, 21 eta 22an Montehermoso Kulturunean.
Parte hartzeko oinarriak eta Mazokalari gisa parte hartu ahal izateko eskabide-formularioak uda ondoren argitaratuko dira, irailaren 2an, astelehenean. 40 postuetako batera hautagai gisa aurkezteko deialdia 20 egun geroago itxiko da, irailaren 30ean, astelehenean.
MAZOKA erakusketa azoka bat da, profesional sortzaileen eta ikusleen arteko topagune bat, baita sinergia, lankidetza, proiektu eta enkarguen sorrerari bide ematen dien plaza estrategiko bat ere, zeinak mota guztietako diziplina eta tekniketako ilustratzaileak, marrazkilariak eta artista bisualak babestu eta saritzen baititu.
Mazokalari izatea curriculum-datu prestigiotsu bihurtu da bertan parte hartzeko hautatuak direnentzat. Azokak hainbat ogibideren lana ikusgai jartzen du, hala nola arte xehetzat jotzen diren arte aplikatuak, zeinak identitate bisualarekin eta era guztietako euskarrietan egindako marrazkiekin lotura baitute. Horri esker, ekitaldiak lagundu egiten dio Gasteizek kultura eta sormen arloko industrien sektorean erreferentziazko hiri gisa duen aitortza gero eta handiagoari.
MAZOKAren formulak arrakasta duela erakutsi du: profesional ospetsuek eta sortzen ari diren balioek espazioa partekatzen dute, bizikide dira eta elkarrekin bat egiten dute, eta, arrakasta hori kontuan izanda, edizio honetan, nazioartean ospetsuak diren pertsonak edo sektorean aipagarriak direnak erakartzeko ahalegina egiteaz gain —gogoan izan dezagun Mazokako mazokalari ohien artean ilustrazio sari nazionaldunak eta Finlandia, Frantzia, Ingalaterra, Mexiko edo Argentinako marrazkilariak daudela, besteak beste—, urrats bat harago joan izan nahi dugu, eta ilustrazioaren aldeko apustua egiten duten KM0 proposamen, autonomo eta ETEei ikusgaitasuna eman nahi diegu, baita aintzatetsi eta saritu ere.
Eta ezin dugu ahaztu BEKIKASLE-LABORAL KUTXA beka, potentzialtasuna duten ikasleak postu batekin eta diru kopuru batekin saritzen dituena. Ildo horretan, MAZOKAk erakutsi du autore berriak aurkitzeko bide bat dela: epaimahaiaren bost erabakiren ondoren, esan dezakegu saridun guztiak profesionalizatu egin direla eta errekonozimenduak eta prestigio handiko sariak jaso dituztela.