Prentsa oharra: Mazokalarien 2024ko deialdia
ZABALIK DA MAZOKA MARRAZKI ETA ILUSTRAZIO AZOKAREN IX. EDIZIOAN PARTE HARTZEKO DEIALDIA, 2024ko IRAILAREN 30era ARTE.
Gasteizko marrazki eta ilustrazio azoka, urtebetez lugorrian utzia izan ondoren, berriz ospatuko da, Gabonen atarian —abenduaren 20tik 22ra—, Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian.
Aurten, 40 postuetako bat lortzeko deialdia —baita 500 €ko saria barne hartzen duen ikasleentzako BEKIKASLE beka lortzekoa ere— irailaren 2tik 30era egongo da zabalik. Urriaren 16an emango da epaimahaiaren erabakiaren berri.
MAZOKAk “Mazokalarien” Katalogoa berreskuratuko du aurten egingo den IX. edizioan: pandemian argitaratzen hasi zen papereko edizio zaindua da, non saritutako ilustratzaileen obra eta salgai dituzten produktuak ikus baitaitezke.
AZOKA izango da erabateko protagonista MAZOKA, MARRAZKI AZOKAREN IX. edizioan: marrazkiek, ilustrazioek eta produktu gainean egindako aplikazioek (zeramika, paper, ehun eta abarren gainean egindakoek) beteko dute Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegia abenduaren 20tik (ostirala) 22ra (igandea). 1885ean eraiki zuten Gasteizko Erdi Aroko Almendraren eremu garaienean, eta haren baitan izango ditugu hautatutako artisten postuak, 1.000 metro koadrotik gora dituen Ur Biltegiak osatzen duen erakusketa aretoan, 10 metro inguruko altuera duten puntu erdiko zazpi ganga eta arku-ilarek sortzen duen eremuan.
Erakusketa eta salmentarako 40 postuetarako batera sartzeko deialdia ilustrazioaren, komikigintzaren, animazioaren, diseinuaren edo artearen arloko profesional eta ez profesionalei zuzenduta dago, eta aurreko edizioetan Euskadiko, Estatuko eta nazioarteko 300 eskaera baino gehiago jaso izan dira. Interesdunek formularioa bete eta www.mazoka.org webgunean dauden parte hartzeko arauak onartu beharko dituzte irailaren 30a baino lehen. 2024ko urriaren 16an emango da epaimahaiaren erabakiaren berri.
MAZOKA ez da azoka hutsa, profesional sortzaileen eta ikusleen arteko topagune bat ere bada, baita sinergia, lankidetza, proiektu eta enkarguen sorrerari bide ematen dien plaza estrategiko bat ere, zeinak mota guztietako diziplina eta tekniketako ilustratzaileak, marrazkilariak eta artista bisualak babestu eta saritzen baititu. Eta helburu horrekin editatutako da Egileen Katalogoa, IX. edizioko parte hartzaileekin. Dibulgazio-argitalpena den heinean, curriculum aitortza ematen du sektorean.
MAZOKAk, beste azoka batzuekin alderatuta, duen ezaugarri bereizgarrietako bat zera da, obra edo aplikazio guztiek mazokalari izateko hautagaitzat aurkezten diren pertsona edo artistek ilustratutak behar dutela, sortzailearen eta ikusleen arteko zuzeneko hurbiltasuna sustatuz.
Horrez gain, egiletzaren baldintza azpimarratuz, oinarrietan berariaz jasotzen da ez dela onartuko AA sortzailez egindako lanik, originaltasunik ez izateagatik eta kide sortzaileen egile-eskubideak urratzeagatik.
Aurten, seigarrenez, MAZOKAk ikasleei zuzendutako BEKIKASLE bekaren deialdia egingo du. Beka LABORAL KUTXAk babesten du eta honako hauek hartzen ditu barne: mazokalari plaza bat, 500 € ordainsari gisa eta ekoizpenerako, ostatua eta webgune profesional baterako harpidetza. Helburua diseinuaren, ilustrazioaren, marrazkigintzaren, animazioaren eta arte plastikoen arloan balio berriak aurkitu eta babestea da eta horiek, aurreko edizioetan bezala, ibilbide luzeko eta aitortza duten kideekin egoteko eta esperientzia partekatzeko aukera izatea.