ILUSTRATZAILEAK, “KANONETIK KANPO” DAUDEN ARTISTAK ETA HISTORIAREN DIBULBATZAILEAK.

  • Larunbata, Abenduak 14
  • 12:00-14:00 h
  • ORTUÑO, MONTEHERMOSO KULTURUNEA

2015ean lehen edizioa egin zenetik, azoka finkatu egin da sektoreko erreferentzia gisa, eta gaur egun izen handia du lurralde eta Estatu mailan. Eta 2015etik, emakumeen edo genero ez binarioen eskaerak zein parte-hartzea % 70etik gorakoak izan dira beti.

Baita gaur egun ere, Arte Ederretako Fakultateen hezkuntza-programetan, ilustrazioa, arte plastikoen barruan, arte txikitzat hartzen da. Eta produktuei aplikatutako ilustrazioa edo ehunetan, baxeratan, seinaletikan, packagingean, panpinetan eta abarretan erreproduzitzeko enkarguz egindakoa erabilera komertzialeko lanbide gisa ulertzen da, egile zigilurik edo zigilu artistikorik gabeko gisa. Bitxia bada ere, inguratzen gaituzten eta beti inguratu izan gaituzten lan eta marrazki horien egileek ez dute, ez aitortzarik, ez ikusgaitasunik, izan ere, trazu horien atzean, gehienbat, emakumeak baitzeuden eta baitaude.

Historiak ezkutatu egin ditu eta orainak zaildu egiten du komikiaren gisako espazio maskulinizatuetan beren lekua eskatzen duten emakumezko egileen lana. Hori dela eta, Isabel Mellén filosofo eta artearen historialariarekin eta Naiara López de Munain irratiko kazetariarekin batera, hau da, “HISTORIAREN DIBULBATZAILE”ekin zuzenean grabatuko dugu “Kanonetik kanpo” podcasta, abenduaren 14an, larunbatean, 12:00etan, Montehermoso K-ko Ortuño aretoan. Grabazioan zehar La Safu (Hip-hopa/Rapa) izango dugu emanaldi bat eskaintzen eta entzule gisa doan joateko aukera egongo da, lekuak bete arte.

Programan gonbidatu aditu bat izango dugu iragana arakatzeko: Haizea Barcenilla. Artearen Historian doktorea da, EHUko irakaslea, dibulgatzailea eta ikertzailea museologia, komisariotza eta arte garaikidearen arloetan, genero-ikuspegitik. Eta gonbidatu gisa, gaur egun lanean diharduen eta egungo gorabeherak ezagutzen dituen Zuz Martín izango dugu: komikigilea, ilustratzailea eta aktibista ez binario transfeminista, Historian lizentziaduna eta 2013an Emakume Komikigileen Kolektiboaren sortzaileetako bat. Horrela, zubi bat eraikiko dugu gure jaialdian Mazokalari gisa parte hartzen duten emakumeen iraganaren eta orainaren artean.

«Emakumerik gabeko historia bat kontatu digutelako, hona hemen «Historiaren dibulbatzaileak» podcasta, non gure iragana arakatuko baitugu, gure oraina ulertzeko. Izan ere, batzuek dibulgatu egiten dute, baina guk dibulbatu egiten dugu, eta aditu onenen eskutik egiten dugu, umorea galdu gabe».

ISABEL MELLÉN

Filosofian doktorea da (UNIZAR), irudietan esanahia eraikitzeari buruzko tesi batekin, eta Artearen Historian graduduna (UNED). Gaur egun, Filosofia eskolak ematen ditu UNEDen eta Zaragozako Unibertsitatean, eta arte erromanikoari buruzko ikerketak egiten ditu, genero-ikuspegiarekin. Emakumeek, babesaren bidez, elizen sorreran izandako parte-hartzea aztertu du, baita beren egiletza intelektualak tenpluetako irudietan utzitako arrastoa ere, bereziki “Tierra de damas. Las mujeres que construyeron el románico en el País Vasco” lanaren bidez, eta Erdi Aroko sexualitatea islatu du bere azken liburuan: “El sexo en tiempos del románico”(Crítica arg.). Gainera, emakumeen historia hedatzeko beste proiektu batzuk garatzen ditu, hala nola podcast bat (Historiaren Dibulbatzaileen aurkezleetako bat da), irratiko lana eta dibulgazio-argitalpenak.

NAIARA LÓPEZ DE MUNAIN

Kazetaria da eta bere grina komunikatzea da; inguruan dituen pertsonen eta errealitatearen istorioak ezagutzea, horiez ongi jabetzea eta kontatzea. 2002an Cadena SER irrati-katean lan egiten hasi zen, Madrilen. Urtebete geroago Cadena SER Vitoriara etorri zen eta, gaur egun, bertan lan egiten jarraitzen du. Hora 14 Vitoria albistegiaren editorea izan da eta, 2018tik, Hoy por Hoy Vitoria programaren buru da, non gai sozialekiko, feministekiko eta ingurumenekoekiko duen kezka jasotzen baitu. Moderatzaile gisa parte hartu du hainbat jardunaldi, mahai-inguru eta hitzalditan, besteak beste, Federico Mayor Zaragoza irakasle eta politikariarekin, Eduardo Saenz de Cabezón matematikariarekin, Daniel Innerarity filosofoarekin edo Rosa María Calaf, Mónica García Prieto edo Jesús Núñez Villaverde kazetariekin espazioa partekatuz. Gainera, Isabel Mellén filosofo eta artearen historialariarekin batera, “Historiaren Dibulbatzaileak” podcasta jarri du martxan.

HAIZEA BARCENILLA

MFA Curating, Goldsmiths College, Londres; Artearen Historiako Doktoregoa (UPV/EHU). Antzinako Arteko, Museologiako eta Arte Garaikideko irakasgaiak irakasten ditu Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle agregatu gisa. Bere ikerketa-ildoak, bai eta irakaskuntza gehiena ere, honako gai hauen ingurukoak dira: erakusketa-diskurtsoa, historiografia feminista, pertzepzioaren politikak eta kultura bisuala, arte garaikidearen esparruan (Euskal Herrian bereziki), genero-ikuspegi batetik, ikusleekiko topaketaren eta begiradaren eraikuntzaren bidez diskurtsoak sortzeko moduak aztertuz. Hainbat gairen inguruko argitalpenak egin ditu, hala nola erakusketek emakume artisten historizazioan duten egitekoari buruz, estrategia zeharrargiaren kontzeptuaren bidez zaurgarrien begirada eta irudikapen artistikoa jorratzeko moduari buruz, eta ekonomia feministatik komuna den hori antolatzeko eta jardun kulturalak planteatzeko moduei buruz. Ikerketa arlo horietan egindako doktore-tesiak zuzentzen ditu. Gaur egun INetako bat da Hariak. Investigaciones feministas en las artes y la literatura ikerketa taldean (Ibon Egañarekin batera) eta “Desnortadas. Territorios de género en la creación artística contemporánea” (I+G) eta “Cuerpo, autoría y género en la creación contemporánea vasca” proiektuetan (Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea). Ikertzaile lanaz gain, arte komisariotza lanak egiten ditu, eta “Berria” egunkariko eta Euskadi Irratiko “Amarauna” saioko kolaboratzailea da.

SUSANNA (o ZUZ) MARTÍN

Komiki-marrazkilaria, ilustratzailea eta aktibista ez binario transfeminista da. Historian lizentziaduna eta goi-mailako graduduna Ilustrazioan eta Pinturan; 2013an Emakume Komikigileen Kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen, “binetetan genero-berdintasuna bilatuz”. Bere lan-ildo nagusietako bat historia hegemonikoak bidegabeki ahaztu dituen emakumezko egileen lana berreskuratzea da, ez baitute merezitako aitortzarik izan.

2010ean Alicia en un mundo real argitaratu zuen. Une horretatik aurrera, salaketa sozial eta politikoko komikien edo kazetaritzakoen sorkuntzan espezializatu zen. 2019 eta 2024 artean aipatzekoak dira Annemarie, Ofensiva Final —Anna Dédalus Detective gazte sagakoak—, Històries de la Model eta Surfista komikiak. Gidoilari eta marrazkilari gisa Residencia de Estudiantes, Irse o morir eta emakume errefuxiatu palestinarrei buruzko komiki-trilogia bat egin ditu, besteak beste. Horrez gain, komikirako egokitu zuen Black is beltza II: Ainhoa. 2023an, ez-fikziozko komikiaren Premi ARA saria irabazi zuen. Ohiko kolaboratzailea da Pikara Magazinen, non prentsarako ilustrazioak egiten baititu. Bere obrek beti dituzte abiapuntu gisa feminismoa eta identitatearen eta gorputzaren gaia.

SAFU

Artista, konpositore abeslaria eta dantzaria da. 2000. urtean jaio zen, Arrotxapean; 15 urte daramatza dantza urbanoa egiten eta gorantz doa konpositore eta musikari gisa egiten ari den ibilbidea, etorkizun ona iragarriz hip-hopean, rapean eta dantzan. Dantzari izatetik abeslari izatera igaro den artista honek hiriko eszenan dena eman nahi du, bera bezalako beste neska batzuk ahalduntzeko eta motibatzeko.

Safuren produkzioen ezaugarria soinu oso pertsonal bat da, musika urbanoaren eragin argiarekin oro har, eta trap, drill eta regetoi erritmoekin, bere sustrai afrolatinoak ahaztu gabe. Bere produkzioek indar oso handiko bisualak dituzte, non koreografo eta dantzari alderdiak konbinatzen baititu, emanaldiari balio handiagoa emanez.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento. Ver Política de Cookies

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar